XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bibliaren itzulpena Euskal Herrian. Historia apur bat. Sarrera.

Bibliaren euskarazko itzulpenaren historia deskribatu eta aurkeztu nahi dugunean, hasiera izan zuen momentutik gaurko eguneraino gakartzan bide sare bat bezala azaltzen da aztertzailearen begietara.

Sare horrek une sendo batzuk ditu, gailur une batzuk, momentuan momentuko eta era askotako arrazoiek eraginak: garrantzi handiko eta arnas luzeko itzulpenak egin diren momentuak.

Garrantzia, jakina, era askotako arrazoiengatikoa izan liteke, batzutan arrazoi bategatikoa, bestetan bestegatikoa.

Beti ere euskal literaturaren garai bat markatu duten itzulpenak izan dira ordea, garai bati beren marka eman diotenak, edo euskal literaturaren garai oso baten adierazgarri izan direnak.

Bibliaren euskarazko itzulpenaren historia une goren horien inguruan ehunduko dela aurreratu liteke.

Itzulpen handi bakoitzak eragin berezia izan du, Bibliaren beraren beste maila batzutako itzulpenetan, eta are euskal literaturaren zabaltasun osoan ere.

Sarrera honetatik bertatik gailurra jo den une horietako batzuk aipatu behar badira, lehen unea bera aipatu behar da lehenik: J. Leizarragak egin zuen itzulpena.